2012-10-05

EUSKAL OLERKIAK II

IBAIA
  
      Kirmen Uribe, 2001
 
 
Garai batean ibaia zen hemen
baldosak eta bankuak dauden tokian.
Dozena bat ibai baino gehiago daude hiriaren azpian,
zaharrenei kasu eginez gero.
Orain langile auzo bateko plaza besterik ez da.
Eta hiru makal dira ibaiak hor
azpian jarraitzen duen seinale bakar.
 
Denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat.
Ez badira beldurrak, damuak dira.
Ez badira zalantzak, ezinak.
 
Mendebal haizeak astintzen ditu makalak.
Nekez egiten du oinez jendeak.
Laugarren pisuan emakume nagusi bat
leihotik arropak botatzen ari da:
alkandora beltza bota du eta gona koadroduna
eta zetazko zapi horia eta galtzerdiak
eta herritik iritsi zen neguko egun hartan
soinean zeramatzan txarolezko zapata zuribeltzak.
Hegabera izoztuak ematen zuten bere oinek elurretan.
Haurrak arropen atzetik joan dira arineketan.
Ezkontzako soinekoa atera du azkenik,
makal batean pausatu da baldar,
txori pisuegi bat balitz bezala.
 
Zarata handi bat entzun da. Izutu egin dira oinezkoak.
Haizeak errotik atera du makaletako bat.
Zuhaitzaren erroek emakume nagusi baten eskua dirudite,
beste esku batek noiz laztanduko zain.


 
ir arriba