2015-02-17

Inauterien historia



Inauteriak ez dira Euskal Herrira bakarrik hedatzen. Mundu guztiak ezagutu izan ditu eta era berean bizi. Gaur egun ere ez dira gutxi jai hauek ospatzen eta gaurkotzen dituzten herriak. Hauetatik bat Euskal Herria bera dugu.


Baina, nondik datorkigu inauteriak ospatzeko ohitura hau? Inauteriez galdetzean eta mundu guztian zehar hain hedaturik den ohitura bat dela ohartzean, gizakiak berak izan duen eta gaur egun duen arrazoi sakonen bati erantzungo diola pentsa genezake.

Noiztik dauzkagu gure artean ohitura hauek? Gizakiak bezain zaharrak direla esatea gehiegi bada ere, bai gutxienez artzaintza arokoak. Beraz, historiaurretik bertatik datozkigu aztarnak.

Gizakia artzain bilakatzean, mundua eta izadia beste modu batez ulertzen hasi zen. Kobazuloetan bizi ziren haiengan, ehiza, arrantza eta fruitu bilketatik agian, urtaroen aldaketek eragina zuten. Baina are gehiago artzaintzatik bizi behar zutenengan, udako beroaldietan mendi gainetara jotzen zuten, baina neguko elurtzetan ibarretara eta itsasaldetara. Bizitza toki finkatu batean egin beharrean aldatu egiten zuten, udarako toki bat zeukaten, eta negurako beste bat. Nekazaritzarekin gehiago finkatu zitzaion gizakia lurrari, uzta eta erein garaiak zirela-eta.


Batzuetan bizitza errazago egiten zitzaion, bestetan zailago. Eguzkia jarri zuten guzti honen eragile. Eguzkia beharrezkoa zen fruituak heltzeko. Bera da garai hartakoentzat bizitzaren oinarri. Hala ditugu euskaraz "Eguberri" (eguzki berri), eta "Ekain" (eguzki gain). Neguko eta udako solstizioak kontuan izaten hasi ziren, bai bata bai bestea, jai bereziz ospatzen zituzten. Negutik udaberrirako bizitza berri baten pozez sortu zen inauteri aroa eta udan, ekainean "San Joanak".

Antzinako gizakientzat inauteriek urtaro bat agurtzean eta beste berri bat hastean hartu zuten esanahi berezia. Abereak hartuz beste lurralde batzuetara jo behar zuten janari bila. Beraz, murritzaldiak, janari eskasia eta abar ezagutu behar izan zituzten. Honen aurrean, bai janariz, bai dantzaz, bai edariz hornitutako jai batez agurtzen zuten aurretiko urtaroa.


Baina inauterien datu zehatzagoak kristautasuna zabaldu ondoren datozkigu. Kristautasunak, ohitura zaharrago bati jarraituz, Garizuma ezartzen zigun. Une hau era guztietako penitentzi, sakrifizio, zigor eta barauz dago osatuta, batez ere barauz, barauak baitira Garizumako ekintzarik nabarmenenak (aratusteak: haragi uztea). Garizuma aurreko unea inauteriek osatzen dute. Gizakiak oreka bat bilatu nahian, Garizumaren aurretik, Inauteriak antolatzen hasi zen. Inauteri hauek Garizuma esanahiaren aurkako ekintzez osatzen ziren. Inauteriak azken batean, Garizumaren "zigorrak" jasan aurretik, gizartearen eta gizakiaren prestakizun psikologiko bat baino ez direla esan genezake.


Inauterien esanahi semantikoaz zera esan dezakegu, erromatarrek beraiek ere "Carnes tolendas" hitzaz ezagutzen zutela garai hau, "haragia uzteko sasoia" agian. Guk Bizkaian esanahi bera duen hitza erabiltzen dugu: "Aratusteak", haragia jatea uzteko garaia. Gaur egun, Euskal herrian zehar Inauteriak hitza dugu, urtaroaren muga honetan gizakia bere askatasunik zabalenean dago. Badirudi txantxetan edo adar jotze garaia dela, hori esan nahi duela hitz honek, festa garaia hain zuzen. Festa garai honen punturik gorenena asteartea izaten da, ondoren errauts eguna dator, eta berarekin batera Garizuma.

ir arriba